Biografiek beti iraganari buruz berba egiten dabe... eta niri gehiago interesatzen jata etorkizuna eraikitzeko erabiltzen dozun oraina.
Beti apaitzen dabez irakaskuntza aratuak, ikastaroak, karrerak... eta sormenaren munduan, maisurik onena zure ni da. Lotura barik joaten uzten dotsazunean bere hizkuntza sortzailea eraiki dezan.
Biografiek beti apaitzen dabez datak, urteak, denbora-tarte luzeak... eta niri batez ere istanteak interesatzen jataz. Betikotasun baino askoz gehiago balio daben uneak, eta «zure maletan» gordetzen badakizu, bidean gidatuko zaitue.
Bitxia bada ere, biografietan gutxitan berba egiten da haurtzaroaz eta aro horretan gehienbat sortzaile gisa dogun nortasuna finkatzen da.
Haurrak garenean, inguruan pasatzen dan ur guztia xurgatuz, itsaso zabalean nabigatzen daben belakien antzera jokatzen dogu. Gero, urteak joan ahala, xurgatutako ur gazia iragazi ondoren, «bizitzaren benetako gatzagaz» geratzen gara.
Beraz, egunen batean nire biografia eskatzen badotsazu, esango dotsut nora heldu gura dodan, egiten dodana eginez, haurtzaroko «une gaziak» erabiliz.